XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zubian zeuden beste ofizialak bere egonezinaz jabetzen ari zirela ohartu zen.

Walzi enegarren aldiz berriak eskatzean haiek eginiko aurpegi-keinua txit adierazgarria izan zen.

Mizar-ko Kuartel Nagusira hots egin zuten unea etorri zitzaion gogora.

Izar Armadako Almirante Nagusiaren bulegoan sartu aitzin, ate distiratsuan islatu zen bere irudi dotoreaz gogoratu egin zen (irribarre-zantzuak markatu zituzten bere ezpainek eta aldi berean keinua leundu egin zitzaion) eta nola uniformearen detaile guztiak ondo ote zeuden konprobatu zuen.

Irudiari, presentziari alegia, garrantzi handia ematen zion Juliusek.

Nartziso samarra zen muinean eta bere irudi airosoa mirailean ispilaturik ikusten zuenean edota taberna batean sartzean emakumezkoen begiak beregan pausatzen zirenean, betea eta harro sentitzen zuen bere burua.

Almiranteak akitua zirudien eta ikusi zuen azkenekoan baino nahikotxo zahartuagoa iruditu zitzaion Juliusi.

Ileurdindua eta zimurrez beterik zegoen berak ezagututako gizaseme mardula.

Almiranteak larruzko besaulki eroso eta bigunetan jar zedin gonbidatu zuen eta zur preziatuzko kutxa perfumatu bat zabalduaz zigarro bat eskaini zion.

Juliusek hagaxka marroixken artean bat aukeratu zuen eta sudurzuloen parera eramanik hark isuritako aroma garratz sarkorra aditu zuen.

Ez zen bera erretzailea, baina gustura erretzen zituen zigarro onak lantzean behin.

Zedrozko xaflatxo luxe bat hartu eta su eman zion; segidan, zigarroa mutur batetik bestera berotu zuen zuraren garretan eta azkenik irazeki egin zuen.

Eraztunak osatu zituen birikei zerien tabako-keaz Almirantea hizketan has zedin itxaroten zuen bitartean.

Arrunkeriez hasi ziren hizketan: familia, kontu zaharrak, Akademia Militarrekoak batez ere, Julius ikasle eta Almirantea irakasle izan zirenekoak.

Pasadizo barregarri batzuk ere baziren tartean eta biek pozez gogoratu zituzten joandako garaiak.